Ainhoan Esperantzaren beilariak Mariarekin !

Ainhoan Esperantzaren beilariak Mariarekin !
Mendekoste bestaren biharamunean, ekainaren 9an, astelehenez, jendalde eder bat igan da Atsulai mendira Ainhoan, Arantzetako Ama Birjina ohoratzeko.

Goizeko 9etan ttanko, proosinoa elizatik abiatu da, gizonek eraman Ama Birjinaren estatua aitzinean zuela. Fededunek aurten Arrosarioko oinazezko Misterioak kantatu eta otoiztu dituzte.

Kalbarioan, eguzki beroan, Philippe Haristoy, ospitaletako omoneriaren arduradun eta Hospitalité Basco-Béarnaise batasunaren omonierak, naturaren benedikapen tradizionala egin du, Jean-Paul Martinon parropiako erretorak, Gilbert Wangraou eta Jacques Nkombo bikarioek eta Joachim Jauregui erretor ohiak lagundurik.

Pausaldi labur baten ondotik, meza ospatu da kapera aitzinean. Sar-hitzan, Martinon jaun erretorak oroitarazi du duela 200 urte justu-justua, Janbattit Beherekoetxe-k (1745-1825) mundu hau utzi zuela Aitaren etxera joaiteko. Kaperako azken ermitaua dorrean bizi izan zen eta inguruko artzain gazteei irakurtzen eta idazten irakasten zuen. Biztanleen laguntzaz, bietan berreraiki zuen kapera Iraultza ondotik eta napoleoniar gerlen ondotik.

Bere homilian, Haristoy apezak gure anai-arrebentzat "Esperantza beilari" izaitera gomitatu gaitu. (Bere homilia hementxe irakur dezakazue).

Meza ondarrean, Martinon apezak "Zorionak zuri" kantua abiatu du, 96 urteko Ainhoar emazte bati eskainia, kaperaraino oinez proosinoan igana: esperantza seinale ederra jubilario urte saindu huntan !
 


10/06/2025

Document(s) à télécharger