michel-garikoitz

Lapurdiko San Mixel Garikoitz parropia

Ainhoa - Kanbo - Ezpeleta - Itsasu - Luhuso - Zuraide

menu

Eguberriko mezua : Esperantza bat gauean

 Eguberriko mezua : Esperantza bat gauean

2022. Eguberriko mezua : Esperantza bat gauean.

Ilunpean zabilan herriak argi handi bat ikusi du. Itzalaren herrialdean bizi zireneri atera zaiote argia” (Is 9, 1). Sekulan ez zaizkit egungo egunean bezain oraikoak iduritu Eguberri gaueko mezan entzuten ditugun hitz horiek. Ez bakarrik aitzinetik aipatzen dauzkuten elektrika mozteen gatik, nahiz eta gogoetan nagon, gizonaren ezazolkeriaren gatik, ez girenez guziahaldunak dauzkagun zientzia eta teknologiaren mugetarat heltzen ari. Hori baino gehiago, gogoan dut Kristo “herrialdeen argia” erakutsi behar lukeen Elizak, zer aurpegi zikindua eskaintzen duen eskandalen gatik. Zonbat biktima gauean dauden horien gatik. Gogoan ditut ere osasun, ekonomia edo gerla krisiek lazturik atxikitzen dituzten jendeak, boteretsuek eta komunika bideek beldurra sarrarazten baidiete hedatzen dituzten berri hitsen gatik.

Hor da ere gerla, ez bakarrik Ukrainian, bainan ere Yemen eta Armenian… hor ageri baita azkarrenen interes pribatuak jendaldeen ongia baino lehen direla; ikusazue adibidez armen komertsio zoin gehiagoka izigarria, denek hobe ginukeelarik negoziaketa mahaian lehen bai lehen jartzea. Ez ditzagun ahantz ere Ekialdeko kristauak eta Libanoko egoera lazgarria. Hor ere jendalde zibilen aurkako bortizkeria, han edo hemen Azia edo Afrikan, Txina, Iran edo Kongon ; Nigeria edo Burkina Fason terrorismo islamista, nahiz gure herria ere beti irriskutan den ; hirietan den bortizkeria, suntsitze lazgarriekin, gaizkintza eta segurtamen eskasa gaindika ereiten dutela. Hor ere pobreziaren emendatzea Frantzian barna, Sokorri Katolikoak bere urteroko txoxtenean dioenaren arabera, bai eta ttipi eta ahulenak baino gehiago aberatsen alde diren legeek sortu gizarte gatazkak !

Denbora berean, gizarte mailean, zer gibelatze sekulan ez bezalakoak: abereen “sofrikarioaz” hunkiak girelarik, diputatuek aldiz, kasik boz batez, abortuaren “dretxoa” Konstituzioan sartzearen alde bozkatzen dute ! Gure hautetsien ganik igurikatzen ginuen izaitekotz sortzetik hiltzeraino “bizitzeko dretxoa” defendi dezaten, oinarri hortan bakarrik baitezazkegu segurta askatasuna, berdintasuna eta haurridetasuna – erotuak diren bertute giristinoak -, gure herriko etxeen paretetan harrotasunez ezartzen ditugunak. Eta horra ere heldu zaukula euthanasia edo suizidio lagunduaren aldeko legea, alegia eta ez dela beste hauturik, artamendu eztigarrien aldeko planak hor direlarik bainan ez behar bezala bururatuak. Gure gizarteak ahulenak nahi ditu garbitu! Nork erranen du aitzinatze bat dela ?

Bainan gauean, dei bat entzun da: “Gaur, Salbatzaile bat, Mesias Jauna, sortu zaizue Daviden herrian. Eta huna emana zaizuen seinalea: sortu-berri bat aurkituko duzue troxatua, otalako batean etzanik». » (Lk 2, 10-12). Eta “bakar batzuk” bakarrik entzuten badute ere mezu hori, esperantza mezu bat da guzientzat. Bere ttipitasunean, sortu-berri horrek esperantza dakarkigu. Peguy idazleak zion: “Gehienik maite dutan fedea, esperantza da (…)  Sugar ahul batek munduen barnea zeharkatu du. Sugar daldara bat mendeetan gaindi iragan da. Sugar urduri batek gauen iluna argitu du (…) Kausi ez ditakeen sugarra, herioaren hasperenak itzal ez dezakeena. Estonatzen nauena, dio Jaunak, esperantza da. Eta harritua nago. Deus ez iduri duen esperantza izpia. Neskatxaño esperantza. Ezin hilezkoa.” Haur bat sortzen den aldi guziz, gauean esperantza da !

Eguberri on eta saindu guzieri !

+ Marc Aillet, Baiona, Lezkar eta Olorongo apezpikua.



22/12/2022